XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen galera-irabaziak adinaren arabera

Iparraldean izan ezik, gazteen artean euskararen galera desagertzen ari da eta irabaziak nabarmen hazi dira.

Iparraldean gero eta handiagoa da galera eta ia ez dago irabazirik

Aurreko atalean aztertutako galerei eta irabaziei buruzko informazioa belaunaldi desberdinetako batezbestekoari dagokio eta mende hasiera eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaiera bitartean jaiotakoak biltzen ditu.

Ondorioz, oso egoera desberdinak estali eta izkutatzen dira.

Euskal Autonomi Elkartean, lehen hizkuntza euskara izan dutenen artean, euskara guztiz edo partez galdu dutenek behera egiten dute adinak behera egin ahala;

64 urtetik gorakoen artean (1932 baino lehen jaiotakoak) %7,2tik 16-24 urte dituztenen artean (hirurogeita hamarreko hamarkadan jaiotakoak) %1,7ra.

Euskararen galera gelditzearekin batera, lehen hizkuntza erdara izan dutenen artean asko izan dira euskara ikasi dutenak.

64 urtetik gorakoen artean ia ez dago irabazirik, %0,8, baina 25-34 urte dituztenen artean (hirurogeiko hamarkadan jaiotakoak) irabaziak %6,4 dira eta 16-24 urteko adintaldean (hirurogeita hamarreko hamarkadan jaiotakoak) %12,4.

Horrenbestez, 16-24 urtekoen artean saldoa argigarria da, galerak %1,7koak diren bitartean, irabaziak %12,4koak dira.

Gainera, %31,5 partzialki euskaldundu dira (zertxobait hitz egiten dute).

Joera hauek sendotu egiten dira 16 urtetik beherako gazteen artean (1980az geroztik jaiotakoak).

Gazte hauei buruz zuzeneko informaziorik ez badugu ere (informazioa gurasoek ematen dute), galerek behera eta irabaziek ia progresio geometrikoan gora egiten dutela antzeman daiteke.

Nafarroan Euskal Autonomi Elkarteko joera bera ematen da, balio absolutuetan neurri txikiagoan bada ere.

64 urtetik gorakoen artean galerak %3,3koak dira eta 16-24 adin-taldean %0,6ra jaisten dira; irabaziak, berriz, %0,3tik %4,2ra hazi dira.

Iparraldean, aldiz, alderantzizko joera nagusitzen da.

Galerek ikusgarri egin dute gora eta ia ez dago irabazirik.

64 urtetik gorakoen artean galerak %3,8koak dira eta 25-34 urte dituztenen artean (hirurogeiko hamarkadan jaiotakoak) %10,3koak; 16-24 urtekoen artean, berriz, %10,5ekoak dira.

%10etik gorako galera horren garrantzia, berez handia izanik, areagotu egiten da familia bidezko transmisioan %50eko galera ematen dela kontuan hartzen badugu.